BESTEAK ETA NI I.

                                                                     Hausnarketa


Aurreko saioan landutako gaia Aniztasuna izan da, bertan tolerantzia eta enpatia kontzeptuak agertzen direlarik. Ariketa ezberdinen bidez, bi termino hauen definizoa barneratzea eta desberdintzea lortu dugu, ariketa hauen helburuetako bat kontzeptu hauek hobeto ulertzea izan baita. Bestalde, gure ikuspuntu kritikoa eraikitzeko baliogarria izan da, izan ere, iritzi ezberdinak partekatu ditugu.

 

Saio honetan, hainbat kontzeptu landu ditugu, hauen definizioak zeintzuk diren ezagutuz. Lehendabiziko kontzeptua, tolerantzia izan da. Behin definizioa ulertuta, gure burua kokatu behar izan dugu “besteen ideiak eta erabakiak errespetatzen ditut nahiz eta horiekin ados ez egon” esaldian. Ondoren, errespetu hitzaren definizioa gainbegiratu dugu. Azkenik enpatia kontzeptuari ekin diogu, hemen ere, lehenengo kontzeptuarekin egindako jarduera berdina eginez, baina “Besteen azalean jartzen saiatzen naiz” esaldiarekin. Lehenengo jarduera hau, baliogarria izan zait, bai hitz hauen definizioa ulertu eta aztertzeko eta baita nire burua non kokatzen dudan ikusteko.


Behin hau eginda, aurreko kontzeptuekin lotura zuzena duten zenbait albiste eta bideo ikusi genituen, ertzaina eta gazteen arteko istiluei buruzkoak. Taula bat egin behar izan genuen; hau bi multzoetan banatuta zegoen, kideko aktorea eta kideoa ez den aktorea, hauen alderdi positiboak eta negatiboak bertan islatuz. Ondoren, guztion artean honi buruz hitz egin genuen, batzuek beraien iritzia ematen zutelarik. Nire burua non kokatuta zegoen argi ikusi nuen. Nire kidekoa ez den aktorearekin gertatu ez bezala, nire kideko aktorearen alderdi positiboak jartzea erraza egin zen, enpatia gehiago sentitzen baitnuen.


Klaseari jarraipena emateko, arbelean pertsona ezberdinen argazkiak agertu ziren. Bakoitzak bi pertsona aukeratu behar izan genituen; norekin hartuko zenuen kafea eta norekin ez, irakasleak emandako paperean jarriz. Erraza dirudien arren, zailtasun handiena sortu zidan ariketa izan zen, pentsakor utzi ninduen eta nire aurreiritziak agerian geratu ziren. Izan ere, kafea gustuko dudan pertsona batekin hartuko nuela jarri nuen eta kafea hartuko ez nuen pertsona irudikatzean berriz, gorroto dudan pertsona etorri zitzaidan burura. Jarduera honetan aurreiritziak nola agertzen diren ikusteko aukera izan dugu; izan ere, kafe bat hartzeko gehien gustatzen zaigun pertsona aukeratzen dugu, gustatzen ez zaigun pertsona alde batera utziz, gure pentsatzeko era ezberdina delako. Behin jarduera hau eginda, konturatzen zara oso onuragarria izan litekeela zu bezela pentsatzen ez duen eta beste ideologia bat duen norbaitekin kafea hartzea, nahiz eta bat ez etorri bere pentsamenduekin. 


Amaitzeko, hasieran enpatiaren eta tolerantzia kontzeptuekin egindako jarduera berriro egin dugu, batzuen iritzia aldatu egin dela ikusiz. Uste baino aurreiritzi gehiago ditudalaz ohartu naiz, nire ideologiarekin bat ez datozen iritziak baztertzen ditudala edota errespetatzeko zailtasunak ditudala ikusiz.


Interesgarria eta egokiak iruditu zaizkidan jarduerak izan dira, gure burua hobeto ezagutzeko baliogarriak izan direlako eta ohartu gabe, gure aurreiritziei buruzko hausnarketa egiteko aukera izan dugulako.


Horrenbestez, nire usteetan aurreiritziak alde batera uztea eta errespetuz jokatzea ezinbestekoa da, nahiz eta batzuetan zailtasunak agertu. Egindako jarduera hauekin, enpatiaren benetako esanaiez ohartu naiz. Hau da, gehienetan pertsona enpatikoak garela esaten dugu, baina ez pertsona guztiekin. Askotan, enpatia dudala edo sentitzen dudala pentsatzen dut, baina nik bezala pentsatzen duten pertsonekiko edo nire ideologia bera dutenekiko, nik bezala pentsatzen ez duten pertsonak errespetatu gabe.





Hurtado Maniega, Laura.

Comentarios